Zilar-kolorea

Bigarren postuan

Asteburuan bi final jolastu eta markagailuan garaipenik ez. Futbolean 4-2. Saskibaloian, berriz, azken segundoetan puntu batengatik garaipenak eskuetatik alde egin dizu.

Norgehiagokan zehar izerdiak, ahaleginak eta purrustadaren batek ere negarra eta etsipen-zirrara sentiaraztera eraman zaituzte.

Bizitzak batzuetan erakusten dizkigun sentipen mingotsak azaleratu ditu etsipen horrek. Zure inguruan zebilen ahots entzunezin batek belarrira xuxurlatu dizu egindako lanak epe motzera saririk ez duela askotan izaten.

Izerdi-tantak lehortu, epaileei bostekoa eman, aurkariak besarkatu, kantxa gaineko materiala jaso edota hondartzako atezaindegiak bere lekura eramanda, domina hartzeko mementoa iritsi da, edozein haur edo gazteren oroimenean geratuko den unea. Gipuzkoako azpi-txapelduna dioen domina horrek gauza garrantzitsu asko ekarriko dizkizu gogora hemendik urte batzuetara: oraindik ere hobetzeko tarte nabaria duzunez, lanean jarraitu behar duzula edota, barruan daukazun guztia eman arren, frustrazioarekiko tolerantzia ere jorratzen jarraitu behar duzula.

Zilar-kolore gris hori, ingurura begiratu eta senide, entrenatzaile eta bestelakoen txalo-zaparrada entzuten duzunean, urre-kolore bilakatzen dela konturatuko zara.

Besteen mirespena eta begirunea nabaritzeak sorrarazten dituen gozamenak eta dardarak negarra irribarre bihurtu dute. Maite duzun kirol horrekiko zirrara berri horrek zure bihotza bizkortuko du. Taupadek abiadura hartu eta urduritasuna goitik behera eta behetik gora garraiatuko dutela ziur nago.

Zilar-kolore horrek garaipenetik hurbil geratu zarela adierazi nahi duela pentsatuko duzu, baina haratago begiratzera gonbidatzen zaitut. Zure lanari, entrenatzailearen laguntzari eta gurasoen bultzadari esker, bidean gauza asko ikasi dituzulakoan nago, hots, domina baten koloreak baina garrantzi handiagoa duten gauzak. Motxila balore, adore, lagun eta esperientziez beteta daramazu. Bizitzak aurrean jarriko dizkizun erronkez betetako mendia gailurreratzeko ezinbestekoa izango duzu bizkar-zorro hori. Ondo gorde eta zaindu ezazu!

Aitor Uriondo
Axular Lizeoko zuzendaria
#AxularStyle