Aste Santuan ere, ikastola birtualki irekia

Aste Santuan ere, ikastola birtualki irekia

Familia agurgarriok:

    Lehenik eta behin, zuen hurbiltasuna eta ikastolako irakasle nahiz langile guztiei adore emateko mezuak eskertu nahi dizkizuegu. Ez ohiko erronka honek ahalegin berezia eta guztion elkarlana behar ditu. Zuzendaritza taldeko kideok gure irakasleria eta langileria osoaren profesionaltasuna eta dedikazioa balioetsi eta publikoki eskertu nahi ditugu, baita familiok seme-alaben heziketan erakusten ari zareten konpromisoa ere. Babestuta sentitzen gara.

    Eskerrik asko ere aste honetan helarazi dizuegun inkestari eman diozuen erantzun masiboarengatik. Eskaini diguzuen informazioa ezinbestekoa da egoerari gero eta hobeto heltzen lagunduko diguten doikuntzak egiten jarrai dezagun.

    Guztiok osasunez ondo izatea opa dizuegu eta krisialdiari ahal den erantzukizun handienaz aurre egin diezaiozuen.

    Jakinarazi nahi dizkizuegun hainbat gai azaltzera goaz:

1/ Gaur Aste Santuko “oporrak” hasiko dira. Hori dela-eta, zuen seme-alaben ikasketa-prozesua aktibo mantentzeko jarduerak prestatzen eta hezkuntzen etapaka egituratzen ari gara.
Egun hauetan ikasleen beharrei erantzuteko zenbait iradokizun helaraziko dizkizuegu familioi edo ikasleei, adinaren arabera.
Guztiok atsedena behar dugula jakin badakigu. Haatik, kontziente gara etxeetan bizi duguna salbuespen-egoera dela. Horregatik, oporretako hamabost egunetan telefono-arreta eta zerbitzu telematikoak astelehenetik ostiralera irekita mantenduko ditugu. Irakasleak ere eskuragarri izango dira zuen premiazko beharrak erantzutearren. Kasu horietan, ez zalantzarik izan eta jar zaitezte gurekin harremanetan. Gure posibilitateen arabera, erantzuna ematen saiatuko gara.

2/ Iradokizun horien osagarri gisa, Vimeo-ko #Talentua-Opari kanala sortu dugu. Helburua sukaldaritza, zientzia, kultura edo musika bezalako gaietan gure ezagutza ikastolako hezkuntza-komunitate osoarekin partekatzea da. Sartu, ikusi zertan datzan eta lagun iezaguzue AxularStyle hezkuntza-kanal honi edukia ematen. Dokumentu honetan informazio osoa aurkituko duzue.

3/ Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hurbildu nahi dizuegun zerbitzu interesgarria eskaintzen du. Helburua gaitasun digitalak handitu eta hobetzea da, zuen seme-alabei bidaltzen dizkiegun jarduerekin lagun ahal izateko. Kzgunea zerbitzuak posta elektronikoz eta telefonoz zuen zalantza teknologikoak argituko ditu. Esteka honetan zerbitzuaz informazioa daukazue.

4/ Osasunaz kezka: Pantailen aurrean denbora luzea pasatzeak osasunerako arriskuak ekar ditzake. Lan-arriskuen prebentziorako gure aholkularitzak etxetik lan egiteko gomendio xume bezain praktikoak helarazi dizkigu. Esteka honetan aurkituko dituzue.

5/ Argibide-oharra: Ikastolen Elkarteak prentsa-oharra argitaratu du komunikabide batek ikastolen kuota batzuen kudeaketaz argitaratutako artikuluan esandakoak zehaztuz; izan ere, edukia erreala ez izanik, ikastola bakoitzak bere egoera eta estatutuen arabera, gure kasuan familien kooperatiba, eremu horretan erabaki dituenen inguruan nahas-mahasa sor baitezake.

6/ Azkenik, ikasle ohi batek jakinarazi digu Aieteko auzokide-talde batek Zaintza Sarea antolatu duela. Bere xedea Aieteko pertsona zaurgarrienei babesa ematearren. Laguntza behar, premia daukan norbait ezagutu edo Zaintza Sarean parte hartu nahi baduzue, esteka honetan informazio osoa daukazue.

    Besterik ez. Gogora ezazue ikastolak oporretan birtualki irekita jarraitzen duela. Hortaz, behar izanez gero, ez izan zalantzarik gurekin harremanetan jartzeko.

    Besarkada bat!

Zuzendaritza Taldea