Zorriak

Argazkiak - Zorriak

Buruko zorriak batez beste 6 asteko bizi-epea dauka. Heldutasunera 10 eta 14 egun bitartean iristen da eta arraultzak (bartzak) 15 egunetan erruteko gauza da. Bartz horiek 7 egunetan irekitzeko prest daude eta bereziki garondoan eta belarrien atzean kokatzen dira, buru-azaletik 2 edo 5 centimetrotara. Kolorea zuri-gris eta marroiaren artekoa izaten da. Emea arra baino handiagoa da, eta heldutasunean 3 eta 4 milimetroren arteko tamaina izatera iristen da. Egunero 7-10 arraultza errun ditzake. Normalean, 10 zorri heldu baino gehiago ez dira egoten pertsona baten buruan. Bizkarroiak dira eta pertsonen odolaz elikatzen dira. Ziztatzeko momentuan listu pozointsua isurtzen dute. Horrek eta ziztadak berak dermatitisa sortu eta hazkurearen sentsazioa ematen dute. Zorriak bere biktimak aukeratzen ditu, pertsona konkretuak, neskak eta emakumeak bereziki. Kutsaketa zuzenaz transmititzen da. Ez du saltorik egiten. Buruz buru kontaktoren bidez pasatzen da, buruko, aulki, orrazi, toalla, eta abarren bidez, baita bartzak dituzten eroritako ileen bidez ere. Hatz egitean ere bartzak hazkazalen azpian geratu eta ukitzean kutsa daitezke. Ile luze eta zikina nahiago izaten dute.

Tratamendua

Merkatuan dauden produktu guztiak toxikoak dira neurri batean edo bestean. Ez dira prebentzio moduan erabili behar; izan ere, kasu batzuetan gibelean azaletik sartutako elementu toxikoak aurkitu baitira, aplikazioa maiz errepikatu denean noski.

Hona hemen etxean bertan egin daitekeen produktu baten formula: Litro bat labanda kolonian 15 gr menta poleo (infusioak egiteko moduko poltsatxotan) astebetez beratu. Egunero astindu. Horren ondoren, paperezko kafe-galbahetik iragazi eta 40º alkohol litro batekin nahastu. Burua egunero busti behar da, burugaindik behera bereziki. Kutsaketa gertatu bada, txanpu edota lozio bereziak erabili beharra dago. Botikariari haurraren adina esango diogu produktu egokiena aukera dezan. Bizkarroien kontrako txanpuz burua garbitu eta gero, toallaz zertxobait lehortu eta bartzak egoten diren lekuetan ozpin beroa emango dugu. Gero, toallaz estali (turbante moduan) eta 15 minutuz horrela utziko dugu. Jarraian, arraultzak hilda egongo dira eta hazkazalez erraz eta arriskurik gabe kenduko ditugu. Kutsaketa gehiago egon ez dadin haurrarekin bizi diren guztien buruak arakatu beharko ditugu, baita haurrak erabili dituen maindireak, toallak eta arropa ur beroaz garbitu ere. Familia osoarenak garbitzea ez litzateke gaizki egongo.

Ez inoiz ahaztu gertatutakoaren berri Ikastolan eman behar dela.

Informazio gehiagorako hemen klikatu