Ahoaren higienea

Argazkiak - Ahoaren higienea

Hobe aurreikustea. Haurtzaroaz geroztik alderdi ahoko higienea zaintzea funtsezkoa da hortz-haginak, hobiak eta ahoa, oro har, onik kontserbatzeko. Alderdi horrek eskatzen dituen zaintza lanak erraz betetzekoak dira: egunero hortzak eskuilatu, hortz haria erabili, aldian behin dentistarengana joan eta dieta kontrolatzea (gozokien kontsumoa mugatuz). Adiera horretan, ezinbestekoa da hemen gurasoen lana seme-alabei aztura egokiak transmititzeko: zereginean jarduten eta ohiko kontua bihurtzen irakatsi behar zaie. Haginak erauzi eta piezak ebakitzean oinarrituriko osasun politikarenak aspaldi egin zuen. Egun prebentzioa da bidea, luze-luzea baina: 14 urteko eskolaumeen erdiak baino gehiagok eta helduen %90ek karies dute.

Karies edo txantxar beldurgarria

Hortzetako kariesa munduan ahoko gaitz hedatuenetako bat da egun, ahoko aftarekin eta gaixotasun periodentalarekin (hobiak, etc.) batera. Aspaldi honetan, higiene bukodentalaren egitasmoei, hortzak hobeki zaintzeari eta edateko uretan zein dentifrikoetan fluorra baliatzeari esker urritzen ari da, dena den. Kariesaren agerpena ezaguna da: hortzetako esmaltea eta dentina (esmaltearen azpian dagoen ehun gogorra) suntsitu egiten du hortz plakan garatzen den Streptococcus Mutans bakterioak azido laktiko ugari jariatzen baitu bere eginkizunean. Aipatutako hori, dena den, ez da haginen galera dakarren bakterio bakarra. Duela zenbait urtez geroztik AEB eta Britainia Handiko ikerlarien helburuetako bat kariesa zeharo eta behin betirako desagertzeko txertoak sortzea da. Alor horretan aurrerakuntza eskasa gertatu denez, egun kariesaren prebentzioa dakigun horretan geratu da: ahoko higienea eta dentistarengana joatea, alegia.

Ardura eta zaintze lanak

Hortzak eskuilatu eta haria maiz erabiliz osatzen ari diren hortz plaka eta lertzoa (plaka gogortua) suntsitzen dira baina hortzetako lertzo ilun hori osatu eta hortzaren oinarrian metatzen denean, kentzeko modu bakarra dentistak egiten duen garbiketa izaten da. Ahoa elixir eta produktu antiseptikoekin garbitzeak higiene bukodentala osatzen dute baina azken horrek bakarrik ez du inondik ordezkatzen eguneroko eskuilatzea.

La saliva

Hortzak eskuilatu eta haria maiz erabiliz osatzen ari diren hortz plaka eta lertzoa (plaka gogortua) suntsitzen dira baina hortzetako lertzo ilun hori osatu eta hortzaren oinarrian metatzen denean, kentzeko modu bakarra dentistak egiten duen garbiketa izaten da. Ahoa elixir eta produktu antiseptikoekin garbitzeak higiene bukodentala osatzen dute baina azken horrek bakarrik ez du inondik ordezkatzen eguneroko eskuilatzea.

Digestioa eragiten hasten diren lehen langileak hortzak eta listua dira. Listuak, horretan ez ezik, ahoko higienea mantentzean funtsezko eginkizuna betetzen du; areago, hortz-haginen kontserbazioan ezinbestekoa da. Ahoko pH faktorea (azidotasun gradua, alegia, bertan metatzen diren karbonato eta fosfato ugariek eralda dezakete eta) egonkortze lanean dihardu eta, gainera, txantxarra agertu eta hortza galtzen hasteko bidean lehen urratsa den bakterio-plaka ugaltzea galarazten du. Hori ez ezik, hortza berriro mineralez hornitzen du eta esmalteari atxikitzeko lagungarri bikainak diren kaltzioa, fluorra eta beste zenbait elementu dakartza ahora. Listu-guruinek ekoizten dute listua, asko ekoitzi gainean: egunean litroa, kasik. Gauean listu gutxiago produzitzen dugunez, gauero hortzak eskuilatzeak berealdiko garrantzia du.

Nola aukeratu hortzetako pasta

Erabili beharreko pastari dagokionez, egun merkatuan dauden marka eta moten zerrenda amaigabeak nahastu egin gaitzake. Hamaika zapore, kolore eta ontzitakoak daude, batzuek zuritzaileak dauzkate, beste batzuek plaka-kontrolatzaileak, etc. Kontu garrantzitsua: hobe fluorra badaukate, horrek kariesaren agerpena uxatu egiten baitu, bakterioen erasoaren kontra esmalteak berez daukan erresistentzia areagotuz. Edateko uretan eta dentifrikoetan mineral hori sartzeari esker (eta haurtzaroaz geroztik ahoa arreta handiagoz zainduz) populazioaren kariesak atzera egitea lortu da. Orban eta plakak ezabatzeko eta hortzak leuntzeko abrasiboak (silika nahiz besterik) dauzkate pasta gehienek kopuru txiki-txikitan: horrela produktuak ez du hortza higitzen baina, kontuz, neurriz erabili behar izaten dira, nolanahi ere.

Haur eta nagusiak

Haurrari lehen hortzak ateratzen zaizkionean hasi behar zaizkio garbitzen. Eskuila leuna eta ur arrunta aski izango dira hastapenetan. Gerora, eskuila eskuan hartu eta ondo-ondo garbitzen ikasi bitartean lagundu beharko zaio haurrari. Garai horixe aprobetxatu beharra dago umeari egunero garbitzeko premiaz jabearazteko, helduaren aho osasuntsuak haurretan hasitako garbitze lanen ondorio baita. Hortzak elkar jotzen hastean da une egokia hari edo zeta tarteetan sartzeko. Dentistari egin beharreko estreinako bisitaz ari garela, berriz, hortzak agertutakoan ez da komeni zain luzaro egotea. Ahoko higienean inbertsioak egiteaz mesfidati daudenei ohartxo bat baizik ez: hortz-haginak garbitzeko egiten den gastua sendatzeko egin beharrekoa baino dezente txikiagoa da. Zaharrek listu gutxiago ekoitzi eta jariatzen dutenez ahoko higienea muturreraino eraman behar dute. Beste horrenbeste gertatzen zaie botika jakin batzuk (lasaigarriak, antsiolitikoak, antidepresiboak, antihistaminikoak, etab.) hartzen dituzten pertsonei: botika horiek ahoko lehortasuna areagotzen dutelarik, txantxar eta periodontitiak nozitzeko arriskua larritu egiten da. Horrelakoetan ere sekulako higiene neurriak hartu behar izaten dira, gaueko eskuilatzea ezinbesteko baliabide izaki.

Hortzen kolorea

Hortzen kolorea genetikak agindua dator gehienbat baina, dudarik gabe, ahoari eskaintzen dizkiogun zaintze lanek gure hortz-haginen kolorean agerpena izango dute. Tabakoak, gehiegizko kafeak, ahoko higiene eskasak eta antzekoek hortzak zikindu eta ostera zuritzeko berariazko dentifrikoak erabiltzea ekartzen dute. Produktu horiek berez ez dituzte lortzen horrelako emaitzak; areago, xede horrekin luzaro baliatzen diren hortzetako pastek hortza eta hobia kaltetu egin ditzakete. Badira hortzak zuritzeko teknika eraginkorrak, hala nola laserra, plasma argia, argi halogenoa eta beroa aplikatzea baina, dena den, horietako zein aplikatu behar dugun dentistak aholkatuko digu. Emaitza onak erdiesten dituzte, baina ez behin betirakoak: koloreak bere aurreko egoerara itzultzeko joera duenez, ezaugarri hori mantentzeko berariazko tratamenduak aplikatu behar izaten dira.

Iturria: Consumer aldizkaria