Familiei gutuna

Familiei gutuna

Prestakuntza-lanetan hainbat aste daramagun arren, 2020-21 ikasturteari harrera ofiziala egiten diogu. Komunikatu batzuetan aurreratu dizuegunez, ikasturteak Axular Lizeoko hezkuntza-komunitate osoaren ahalegin berezia eskatuko du erronka erraldoi honi behar bezala aurre egiteko.

Aste honetan plangintzari azken ukituak ematen ari gatzaizkio, berez diseinatuta izan arren, ahal den neurrian aurreikusi beharko ditugun egokitzapenak nahitaezkoak izango baitira. Gogora ezazue ezarri ditugun segurtasun-arau guztiak bete behar direla, bideo honetan ikusten denez, baita bidali genizuen ikasturte berriaren plangintza orokorra sakonki ezagutzea ere komenigarria dela.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren aholku eta aginduen araberako azken orduko egokitzapen eta xehetasun batzuk jakinarazi nahi dizkizuegu:

  • DBH 3. mailatik aurrerako ikasle guztientzako ikasturte-hasiera irailaren 15ean izango da.
  • Egunero tenperatura hartzea nahitaezkoa da eta, 37º baino gehiago izanez gero, IKASTOLARA EZ ETORTZEA. Gauza bera egin beharko da COVID19rekin sintoma bateragarriak izatekotan (eztul jarraia, eztarriko mina, arnas egiteko zailtasunak edo usaimen-galera). Sintoma horiek izanez gero, familia-medikuari jakinaraztea ezinbestekoa da, Osakidetzak protokoloa martxan jarri dezan familia eta ikastolarekin koordinatuz.
  • Ikastolako langileek COVID19aren aurrean jarraitu beharreko protokoloei buruzko formazioa aste honetan jasoko dute. Era berean, COVID19rekin zerikusia duen guztia kudeatzeko batzar teknikoa sortu berri dugu.

Ikasturte-hasiera honetan zenbait gai lehenetsiko ditugu:

  • Gure PERTSONEN egoera emozionala: Horretarako, laster EMOZIOEZ GALDE-SORTA helaraziko diegu adin jakin batetik aurrerako ikasleei, familiei eta ikastolako langileei. Helburua norberaren abiapuntua ezagutu eta behar guztiei ahal bezain ondo erantzutea izango da.
  • Gure ikasleen EUSKARAREN KALITATEA ETA ERABILERA ikasturte-hasiera honetan indartzeko eremua ere izango da. Zentzu horretan, familien inplikazioa ezinbestekoa izango da. Ikastolaren gure izaerari dagokionez, ikasleok euskaraz hazi, hezi eta sentiaraztea dugu xedea eta gure hizkuntzaren aurreko familien jarrera proaktiborik gabe helburu horiek ezin genituzke bete. Ikastolako Euskaraz Bizi Taldeak lehen asteotan egoeraren analisi sakona egingo du zuzendaritza taldeari COVID-EUSKARA plana aurkeztearren.
  • Teknologia berrietara orientatuta gaude, egoera berri honetan ikasleriaren beharrei erantzun ahal izateko ikastolan nahiz etxetik lan eginda, prebentzio zein gaixotasun kasuengatik konfinamendua gertatuko balitz. Horretarako, TEKNO-COVID dokumentua sortuko dugu, behar horiei erantzuteko balioko duten jardunbide egokiak bilduko dituena.

Ikasturtearen hasieratik aurreikusitako HELBURUAK betetzera zuzenduko gara.

Egoera desengokorra eta segurtasun-falta direla-eta, kirol-entrenamendu guztiak probisionalki eten dira dagozkien agintariek prozedura zehaztu arte.

Ildo berean, soinketa-eskolak gutxienez irailean egokituko ditugu ikasleen segurtasuna ziurtatzearren. Horrela, ekintza osagarri batzuk prestatuko ditugu oxigenatzeko asmoarekin, hala nola, ikasle eta irakasleek maskararekin lan egitera lagunduko duten "atseden aktiboak" bultzatuz.

Berrikuntzak edo aldaketak egitera behartuta bageunde, berehala informatuko genizueke.

Jaso ezazue gure agurrik beroena.

Zuzendaritza Taldea