Eleaniztasuna, baloreak, euskal kultura eta kalitatea.

Informazio gehiago

Gure ikasleak ere entrenatzaile

Azkenengo urte hauetan, progresiboki, Axular Lizeoko kirol taldeetako monitore edo entrenatzaileak gure ikasgeletatik ateratzen joatea erabaki dugu. Ez da lan erraza, gure gaztetxoentzat prestatzaile egokiak aurkitzea. Urtetan, kanpotik ekarritako gazteak izan ditugu “mister” bezala, baina benetan zaila egiten zaigu jarraipena lan hauetan lortzea.

Normalean, lan hori uzteko, unibertsitatean klaseak edo lanean hastea izaten dute arrazoi. Aurten, entrenatzaile lanetan ikasle eta ikasle ohiak dauzkagu, horietako batzuk arbitro gisa larunbatero lanean. Gerta daiteke, guraso batzuen ustetan batez ere, monitore hauek esperientzia gehiegi ez izatea, erantzukizun akatsak izatea, baina ezin duguna inolaz ere ahaztu honakoa da: Formaziorako edo hezkuntzarako zentro bat gara eta monitore hauek gure ikasleak izanda, gure beharra da funtzio hauetan ere heztea.

Kirol monitorea izatea oso aberatsa izan daiteke gure ikasleentzat. Boluntariotza-programa bezala, osagarri sozial handikoa da. Ardura hau hartu nahi duten ikasleek garbi izan behar dute lehenik, umeekin egotea gustukoa dutela.

Behin lanean hasita ardura izango da landuko duten lehen “balorea”. Talde edo kolektibo bat zuzentzeko, edo arduraduna izateko, talde barruan denen arteko errespetua izango da hurrengo “balorea” garatu beharko duguna. Monitoreek “eredu izanik” erakutsi behar dute. Honela, zenbait kasutan irakaslearen “jarrera serioa” hartu behar dutenean, hau da, zigor bat aplikatu behar dutenean, irakaskuntza lanbide dugunon zenbait jarrera, hobeto uler ditzakete.

Ikasle horiek guztiak aurrera ateratzen duten lana, benetan eskertzekoa da, eta “foro” honetatik animatzen zaituztegu ardura honetan jarraitzen.